Martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean, Otxandiotik Iruñera joko du 20. KORRIKAk.

...ETA MEZUA? IKUS DEZAGUN MEZUA ETA AZTERTUKO DUGU:
external image 20.-Korrika.jpg

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT
Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua.
Euskal Herria euskaraz ulertzen dugun euskaldun eta euskaltzaleok aspaldi ekin genion geure hizkuntza sendotzeari, etorkizun hobea nahi dugulako.

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT, ZUK
20. Korrikak zurekin hitz egin nahi du. Euskara ezagut eta gurekin erabil dezazun.
Zeuk ere, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz...

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BATZUK
AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa.
Beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan.

EGIN BAT, EGIN BATZUK
Nik, hik, hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza; gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek.
Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde. Kultura unibertsalaren alde.
Hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzen zaitugu. Mundu unibertsalagoa sortzera. Bat egitera. Zuk egitera.

Euskaraz.
Bat egitera. Zuk egitera.
Euskaraz.

OMENDUA? NOR? ZERGATIK?

20. Korrikak Korrikaren sortzaileak proposatu ditu omentzeko, Korrikaren ideia saritzeko. Zergatik Korrikaren sortzaileak? 1980an sortu, eta Korrikak 20. edizioa beteko du. Garai hartan ideia zoragarri bezain eroa izan zuten horiei esker, Korrika euskararen aldeko ekintzarik handiena eta parte-hartzaileena bihurtu da.

AEK-k antolatuta, egun Korrika euskalgintza, euskal kultura eta euskararen erreferentzia bihurtu da; eta, gainera, atzerrira ere esportatzen da.
Badira 37 urte Korrika jaio zela, AEK-ko eta AEKtik kanpoko hainbat lagunen ekimenez. 1980ko lehen Korrika hark Euskal Herria euskalduntzea zuen helburu. Oraino ere bere horretan jarraitzen du xede horrek, bizirik, pil-pilean, euskarak oraindik ez duelako egoera normaldua bizi; baina, era berean, AEK-k lekuko hori ez duelako geldirik utzi eta, Korrikaz Korrika, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi izan duelako euskararen aldarria.

Horregatik guztiagatik, 20.Korrikak omendu nahi ditu orain dela 37 urte Korrikaren lekukoa eskuz esku abiarazi zuten haiek. Korrikak batu egin gaitu, batu egiten gaitu eta batu egingo gaitu.

20.KORRIKA KANTA: ZIRKORRIKA ABESTIA







ZIRKORRIKA KANTA KARAOKE BERTSIOAN









ZIRKORRIKA KANTA INSTRUMENTALA







KORRIKA KANTAREN LETRA:


Hizkuntzaren malabaristak,
akrobatak, trapezistak,
herri honen ilusionistak...
bidera atera gara,
mundura atera gara,
herriz herri igaroko gara!

Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.


Bi urteko ekilibristak,
su-irensle optimistak,
jaiotzetik ilusionistak...
bidera atera gara,
Korrika atera gara,
herriz herri igaroko gara!


Atso-agure kontortsionistak,
pailazoak, eskapistak,
euripean ilusionistak...
bidera atera gara,
mundura atera gara,
herriz herri igaroko gara!


Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.

Ahots kordan funanbulistak,
fakirrak ta alkimistak,
ofizioz ilusionistak...
bidera atera gara,
Korrika atera gara,
herriz herri igaroko gara!

Bizirauten espezialistak,
bi buruko aktibistak,
bihotzaren ilusionistak...
bidera atera gara,
herriz herri ibiliko gara!

Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,
bat eta batzuk gara,
hona-hara,
euskara bat, mundu bat.